t9penguino_trans.png

Nola egiten da kontzeptu mapa bat?



Kontzeptu mapa ikaste prozesua errazten duen teknika bat da, ikasi behar duguna ulertzea errazten baitu. Era berean garrantzitsuena eta funtsezkoa ez dena bereizten laguntzen du, lehena bereganatzea erraztuz.
Hona hemen kontzeptu mapek izaten dituzten elementuak:
  • Kontzeptuak: termino edo ideia nagusiak dira. Maiuskulatan idatzi behar dira elipse edo errektangelu baten barruan.

  • Lotura-hitzak: kontzeptuak besteekin lotzeko balio dute, proposizioak zein esaldiak sortuz. Minuskulaz idatzi behar dira.

  • Adibideak: lotura-hitzak bezala, minuskulaz idatzi behar dira.

  • Lotura-marrak: marrak, geziak, marra jarraigabeak eta abar izan daitezke. Kontzeptuak besteekin lotzeko eta adibideak adierazteko balio dute. Marra bakoitzaren ondoan lotura-hitzak idazten dira.

Kontzeptu mapa on batek ondoko ezaugarriak izan behar ditu:

Kontzeptuek hierarkia bat jarraituz antolaturik egon behar dute: Kontzepturik garrantzitsu eta inklusiboenak maparen goiko aldean kokatuko dira. Adibidean LANDATZE MOTAK kontzeptua NEGUKO LABOREAK eta UDABERRIKO LABOREAK kontzeptuak baino orokorragoa da, beraz mapan gorago kokaturik dago.

Kontzepturik garrantzitsuenak hautatu behar dira. Ez da komeni gainkargatutako mapak egitea, hobe da mapa osagarri gehiago egitea. Adibidez, NEGUKO LABOREAK kontzeptuaren azpian gariarekin loturiko kontzeptu guztiak ezarriko bagenitu hiru urteko errotazioaren mapak argitasuna galduko luke.

Aurkezpen eta antolaketa egokia izan behar du orria edo kartoi mehean haren inpaktu bisuala ziurtatzeko. Are gehiago, marrazkiak sar ditzakegu kontzeptuak ordeztu edo osotzeko.

Kontzeptu mapak:

“Errepide mapa” bat izango balitz bezala erabil dezakezu. Kontzeptu mapan kontzeptuak lotzeko bideak azaltzen dira, esanahia duten esaldiak eginez.

Oso tresna eraginkorra dira erraztasun handiagoz gogoratzen laguntzeko, ideia garrantzitsuen multzo txiki batera erakartzen baitute zure arreta.

Zure aldetik ahalegin handia eskatzen dute kontzeptuak lotzeko, baina horrek ikasteko gaia ulertzen lagunduko dizu. Dagoeneko existitzen den kontzeptu mapa batean kontzeptuak sartzen dituzunean, ahalegina handiagoa da, mapa berrantolatu behar duzulako. Adibidean, HIRU ORRI, ONGARRIA, BAZKA-LANDAREAK ETA ABEREAK kontzeptuak gehitu ditugu.

Eztabaida eta debaterako instrumentuak dira. Seguruenez zure kontzeptu mapa eta kideenak ez dira berdinak izango. Egokiena bilatzeko eztabaida, arrazoituz, ikasteko modu ona da.

Apunteak modu “takigrafikoan” hartzeko eta idatzizko lan gidoiak eta ahozko azalpenak prestatzeko erabilgarriak izango dira.

Ondoren testu bat eta dagokion mapa egiteko jarraitu beharreko prozedura azaltzen dira. Halere, gogora ezazu kontzeptu mapa bat egiteak imajinazio, eta praktika, dosi garrantzitsuak eskatzen dituela.

Biztanleria baxua zenean, lurrik hoberenak soilik erabiltzen ziren lantzeko. Argi dago, kalitate oneko lurrek errendimendu onargarriak ematen zituzten, eta horrek azken finean elikagaien produkzioa haztea suposatzen zuen. Elikagai ugari izatearen ondorio zuzena biztanleria haztea zen.

Presio demografikoa jasanezina zenean, halabeharrez, landutako lur eremuak handiagoa izan behar zuen. Batzuetan lur berriak lantzen ziren labakien sistemaren bidez, lurzoruen desgaste azkarra eragiten zuena. Beste nekazari batzuek kalitate txarreko lurrak baino ezin zituzten landu, eta horrek errendimenduak eta nekazaritza produkzioa jaistea ekartzen zuen. Elikagaien eskasiak, usta txarrek, epidemiek (elikadura desegokiak pertsonak ahuldu egiten zituen) eta gerrek biztanleria jaistea ekartzen zuen. Oreka berrezartzen zen eta ziklo berriari ekiten zitzaion...”

Irakurri arretaz testua edo zatia eta saia zaitez edukia islatuko duen izenburua ezartzen. Kasu honetan nekazaritza eta biztanleriaren arteko lotura dei genezake.

Hautatu kontzeptu eta termino garrantzitsuenak, hau da, testuaren esanahia ulertzeko beharrezkoak direnak. Errepikatzen badira, mapan behin baino gehiagotan agertu behar izatea gerta liteke.

Kontzeptuak ordena logiko baten arabera antolatzen saiatu (adibidez, orokorrena denetik ez hain orokorra denera). Biztanleria, biztanleria altua, biztanleria baxua, lurrak, kalitate oneko lurrak, kalitate txarreko lurrak, errendimendu altuak, errendimendu baxuak, produkzio altua, produkzio baxua.

Erabil ezazu ordenatutako zerrenda bat kontzeptuak ezartzeko gida bezala. Aukeratu lotura-hitz egokiak esaldiak osotzeko.