quimica13.gif



Zergatik flotatzen dute arrainek?

Geldi-geldirik uretan egoteko gaitasuna dute hondoa jo gabe. Arrainak sakonean nahiz azalean egon daitezke, eta goitik beherako mugimendu horrek ez die neke handirik ematen. Hezurrezko eskeletoa duten arrainek —hau da, arrain gehienek— igeri-maskuria deitzen den organo berezi bati esker dute gaitasun hori.

Gainerako organoen gainetik dagoen zaku-itxurako atal bat da, eta gasez beteta dago. Nitrogenoa, oxigenoa eta anhidrido karbonikoa ditu barruan; airea osatzen duten gas berak, alegia.

Arrainak hondora joan nahi duenean, igeri-maskurian dituen gasak konprimitu egiten ditu; horrela, beraren pisua eta dentsitatea urak duenarekin alderatuta handitu egiten da, eta arraina hondora joateko gai izaten da. Aitzitik, gora egin nahi duenean, maskuria gasez puzten du.

Arrain gehienek igeri-maskuria inguratzen duten odol-hodien bitartez egiten dute gasen difusioa. Igeri-maskuriak glukosa azido laktiko bihurtzen du, eta, odolaren azidifikazioaren ondorioz, oxigenoa eta karbono dioxidoa askatzen dira.

Igeri-maskuria ez duten arrainek, arrain kartilaginosoek, hala nola marrazoek, azal zein gibel koipetsuak baliatzen dituzte funtzio horretarako.






Zergatik zorabiatzen gara?






Izarren hautsa

Jatorrian, galaxiak gas eta hautsezko konglomeratu erraldoiak ziren. Zatitu eta kondentsatu ondoren, izar bihurtu ziren. Eremu batzuetan prozesu hori oso bizia izan zen, eta gas eta hauts gehiena izar bat edo beste bihurtu zen. Beste eremu batzuetan, ordea, izar gutxi eratu ziren, eta hauts eta gas asko soberan geratu zen, izarren artean.

Izarren artean dagoen material gehiena izarrarteko gasa da. Gas hori helio atomoek edo hidrogeno atomoek eta molekulek osatzen dute. Gainerakoa hautsa da. Gas baino hauts gutxiago dago unibertsoan, eta partikula txiki-txikiz osatua dago.

Oraindik ez da erabat ezagutzen hautsaren osaketa zehatza. Jakinekoa da zati bat hidrogenoz, helioz eta oxigenoz osatutako molekulak direla; aurkitu zirenetik, oxhidrilo talde deritze. Hala ere, haiek baino molekula konplexuagoak ere badira hautsean, karbonoa, kaltzioa, sodioa eta beste elementu batzuen atomoz osatutakoak. Eguzki-sisteman baliteke material hori kometen ekarpena izatea. Izan ere, Eguzkira hurbiltzen direnean, kometek partikula solidoak askatzen dituzte, eta espazioan zehar sakabanatzen dira. Beharbada, Belengo izarra, kondairaren arabera duela milaka urte sasoi honetan Ekialdeko Hiru Erregeak gidatu zituen izar hura, izarren hautsak osatutako ikuskizuna izango zen.





Txoriek lo egiten al dute?

Bai, txoriek lo egiten dute. Baina ez ohean etzanda, marrazki bizidunek erakusten dituzten moduan.

Batzuk habian uzkurtzen dira; beste batzuek hanka bakar baten gainean egiten dute lo. Enarak hegan egiten ari diren bitartean lo egiteagatik dira famatuak, eta badira buruz behera zintzilik atseden hartzen duten loroak ere; saguzaharrak balira bezala.

Txori gehienek zutik egiten dute lo, harrapariengandik edozein unetan ihes egin ahal izateko. Adarretatik ez erortzeko, hanketan sistema berezi bat dute hegaztiek: izterretik txorkatileraino doan tendoi bat, atzaparretaraino luzatzen dena. Hegan doazen bitartean, hankak luzatuak dituzte, eta tendoiak erlaxatuak. Baina pausatzean, hankan tolestu egiten dituzte, tendoiak tenkatu egiten zaizkie, eta horrek atzaparrak itxiarazten ditu. Mekanismo hori hain da eraginkorra, non hilik zeuden txoriak ere topatu direla zutik.

Oro har, hegaztiak ikusmenaz baliatzen dira hegan egiteko; beraz, gauez egiten dute lo. Gautxoriek, berriz, egunez. Eta gehiegi argiztatutako kaleetan bizi diren txoriek... noiz egiten dute lo?





Ura Ilargian

Joan den urriaren 9an, NASAk bidalitako LCROSS zundak ura topatu zuen Ilargian.

Lehenik eta behin, zunda garraiatzeko erabili zuten suziria jaurti zuten Cabeus kraterrera, eta horrek 20-30 metroko zabalerako zulo bat sortu zuen. Ondoren, LCROSS zunda bera ere kraterraren kontra jaurti zuten.

Bi talka horiek 150 tonako hauts-hodei bat altxa zuten. Hauts hori argi infragorriarekin aztertu ondoren, hidroxiloa topatu dute. Eguzki-argiaren eraginez ura desintegratzean sortzen den substantzia da hidroxiloa; uraren aztarna nabaria.

Cabeus kraterrean 90 litro ur daudela jotzen da, izotz forman, noski.

Ilargiaren poloetan topatutako hidrogenoaren jatorria misterio bat zen orain arte. Azken aurkikuntza honen arabera, badirudi Ilargian uste baino ur gehiago dagoela, eta astro hori ez dela basamortu lehor bat, orain arte uste zen moduan.





Goiztiarra ala gautxoria?

Inor gutxik maite du iratzargailuaren txirrina. Gogorra da ohetik jaikitzea. Baina batzuentzat latzagoa besteentzat baino. Izan ere, bi eratako jendea dago: goiztiarra eta gautxoria. Eta hala erakutsi dute hainbat ikerketak: ez da bata bestea baino alferragoa dela, ez, norberaren biologian dago, garuneko barne-erlojuan, hain zuzen ere.

Barne-erloju horrek markatzen du gauaren eta egunaren erritmoa. Nolabait, Lurraren errotazioarekin sinkronizatzen du gorputza. Goiztiarren garuna goizez aktiboago dago, eta, egunak aurrera egin ahala, motelduz joaten da. Aitzitik, gautxoriaren garuna goizez motel doa, baina arratsaldetik aurrera aktibatuz joaten da, eta iluntzean izaten du bere jarduera maximoa.

Garunak ez ezik, gorputzak ere badu halako erritmo bat. Ikerketek erakutsi dutenez, guztion muskuluak arratsaldez egoten dira bere ahalmen maximoan: hortaz, goiztiarraren buruaren eta gorputzaren maximoak ez datoz bat; bai, ordea, gautxoriarenak.

Norberak ederki daki gautxoria ala goiztiarra den, eta ikertzaileen aholkua da bakoitzaren erritmoaren arabera egokitzea lana: ez eskatu goiztiarrari gauean erne egotea, edo gautxoriari goizean goiz denak emanda jardutea lanean. Bakoitza den bezalakoa da!






Greenwich-eko meridianoa

Greenwich-eko meridianoa. Zero meridianoa, oinarrizko meridianoa edo lehen meridianoa izenez ere ezagutzen da. Batzuei emozio berezia eragiten dien arren, gizakiak asmatutako irudizko lerro zuzen bat besterik ez da. Lerro horrek polo biak lotzen ditu, eta Londresko auzo bateko behatoki astronomikotik igarotzen da, Greenwich auzotik. Meridianoak Lurra bitan zatitzen du, ekialdea eta mendebaldea bereiziz, eta longitudea neurtzeko balio du.

1884. urtetik da garrantzitsua -ospetsua- meridiano hau, munduko 25 herrialdek erreferentziazko meridianotzat hartzea adostu zutenetik. Ordudanik, eguna Greenwich-eko gauerdiarekin batera hasten da mundu osoarentzat, eta ordudanik daude ezarrita guztientzako ordu-eremuak.

Lurrak egun bat behar du bere ardatzaren inguruan bira egiteko, 24 ordu. Bira oso batek 360 gradu ditu. Hori egunak dituen 24 orduez zatituta, zera ateratzen da: ordu-eremu bakoitzak 15 graduko longitudea duela. Beraz, ordu-eremu batetik bestera igarotzean, ordua ere aldatzen da. Lurraren errotazio-mugimendua mendebaldetik ekialderakoa denez, ekialderantz mugitzean ordu bat gehitu behar zaio erlojuari, eta ordu bat kendu mendebalderantz joanez gero.

Teoria da hori guztia, ordu-eremuak finkatzerakoan gaur egun herrialde bakoitzak komeni zaizkion erabakiak hartzen ditu-eta. Horregatik, ordu-eremuen irudizko lerroak ez dira zuzen-zuzenak.






Daltonismoa

100 gizonezkotik 8 ez gara gauza koloreei behar bezala antzemateko ; emakumezkoetan, berriz, oso arraroa da horrelakorik gertatzea. Daltonismoa, beraz, pattarra bezala, gizonezkoon kontua ei da.

X kromosoman gertatutako akats batek eragiten du daltonismoa. Gizonezkook X kromosoma bakarra dugu. Akastuna bada, daltoniko izango gara, kolore gutxiko mundu batean bizitzera kondenaturik egongo gara.

Emakumezkoek X kromosoma bi dituztenez, bat akatsik gabea izateak libratzen ditu gaitzetik. Emakumezko batek daltonismoa izateko X kromosoma bietan eduki beharko luke akatsa. Hori gerta dadin, aitak daltonikoa izan beharko luke eta amak edo daltoniko edo eramaile. Noski, hori gertatzeko probabilitatea ez da oso-oso handia.

Beraz, sexuen arteko bereizketa egiten du daltonismoak. Emakumezkoa akatsaren eramaile erraz izan daiteke, baina nekez daltoniko.

Daltonismoak bereizgarri gehiago ere baditu, gaitzaren kasu guztiak ez direlako berdinak. Muturreko kasu bitxienetan, Charloten filmak bezala, zuri-beltzean, ikusten dute mundua kaltetuek. Ondorio ohikoenak, ostera, bestelakoak izaten dira: kolore jakin bat ikusteko zailtasunak, koloreak nahastea, koloreak bai bereiztea baina ez tonalitateak, eta abar. Hortaz, esaten da daltonismoa ez dela gaixotasuna, koloreak beste modu batean ikustea baizik.





Turbulentziak

Sarritan esan ohi da hegazkina autoa baino seguruagoa dela bidaiatzeko. Baina badago fenomeno bat ausartenaren ipurdia ere aulkira itsasteko gai dena: turbulentziak.

Funtsean, aire-mugimendu zakar eta aldakorrak dira turbulentziak. Hegazkin baten barruan, mugimendu horiek ondo lotuta ez doazen gauza nahiz pertsonak mugiaraz ditzakete, baita erorarazi ere.

Turbulentzien eragile ohikoena da lurretik igotzen den aire-masa bero batek beherantz doan aire-masa hotz batekin talka egitea. Zorionez, turbulentzia-mota hori erraz detekta daiteke, sortzen dituen hodei-kumuluak pilotuen begi-bistan daudelako.

Baina badaude aire garbiko turbulentziak ere. Ikusezinak direnez, pilotuak ezin ditu saihestu, eta ez du denborarik bidaiariak ohartarazteko. Normalean, fronte hotz batek aire-masa epel batekin topo egitean gertatzen dira turbulentzia horiek.

Hegazkinek aire-korronteak aprobetxatu ohi dituzte, atzetik datorren haizeari esker azkarrago joateko. Korronte horietara sartu edo horietatik ateratzerakoan ere ager daitezke turbulentziak.

Turbulentzietatik babesteko modu bakarra ekiditea da. Azken urteotan, aurrerapen teknologikoek detekzio-sistemak garatzea ahalbidetu dute. Baina, aireak opa dizkigun ezustekoak direla eta, segurtasun-uhala lotzea da onena.





Liburu elektronikoa

Behin baino gehiagotan esan izan da papera hilzorian dagoela. Baina fikziotik gertuago dago hori errealitatetik baino. Liburuek, gaur arte ulertu izan ditugun bezala, bizitza luzea dute oraindik.

Interneti esker, gero eta dokumentazio gehiago dago erabiltzaileen eskura. Baina, gauza luzeak irakurtzerako orduan, ordenagailuak ez dio oraindik paperari aurrea hartu. Hala ere, sareak asko aldatu ditu argitalpen-teknikak, baita irakurketa-ohiturak ere.

Kindle, Sony Reader eta horrelako gailuak gero eta ugariagoak dira. Ordenagailuetako pantailek ez bezala, gailu horek tinta elektronikoa darabilte, irakurterrazak dira eta ez dute ikusmena hainbeste nekatzen.

Esan daiteke ia liburutegi oso bat eraman daitekeela horrelako gailu batean. Eduki horietako asko Internetetik jaits daitezke. Batzuk ordaindu egin behar dira, eta beste batzuk doakoak dira.

Gogoan duzue, MP3ren ordez, musika entzuteko diskoak, CDak eta kaseteak erabiltzen genituenekoa? Bada, irakurle askorentzat, aurki iragana izan daiteke liburuek apalak betetzen zituzten garaia.





Ile kizkurra

Ile batetik bestera alde handia izaten da: ugaria edo urria izan daiteke, lodia edo fina, argia edo ilun-iluna... eta, noski, kizkurra edo lisoa izan daiteke. Alfa-keratina izeneko proteina bat da ile kizkurraren eragilea, bere barnean dituen hidrogenoa eta sufrea, hain zuzen ere. Bi sufre atomok batu eta zubi antzeko bat osatzen dute. Zubi horiek paraleloan pilatzen badira, ilea lisoa da; eta zubiak diagonalean badaude ilea kizkurra da.

Hezetasunak ere ilea kizkurtzen du; izan ere, uraren hidrogenoak ilearekin beste zubi batzuk osatu, eta izurrak sortzen ditu. Baina bada bitxitasun bat: ilea, erabat bustitakoan, leundu egiten da: ur-molekula gehiago daudenez, haien artean osatzen dituzte zubiak; ilea multzotan (ile-xerlotan) batzen da, eta, hidratatuagoa dagoenez, elastikoagoa da eta errazago orrazten da.

Hortaz, kizkurtzeko, umeldu egin behar da ilea, eta zubiak osatuko dituzten produktuak erabili. Ilea leundu nahi bada, ordea, beroan lantzea komeni da, ondo lehortuta hautsi egiten baitira hezetasunak sortutako loturak.





Sai zuriak arriskuan

Udaberria iristearekin batera, Hegazti Harrapariak Ikertzeko Elkarteko kideak mendira igo ohi dira asteburuz asteburu, sai zurien atzetik. Putreen familiako sarraskijale txiki horiek otsail aldera iritsi ohi dira Afrikatik gure lurraldean habia egiteko. Bikote bakoitzak bi arrautza jarri ohi ditu, baina, gehienetan, bat baino ez da aurrera ateratzen. Gobernuz kanpoko erakunde horren lanetako bat da sai zurien ugalketaren jarraipena egitea, populazioak mantendu diren ala ez jakiteko. Izan ere, sai zuria arriskuan dago.





Burmuinaren tolesturak

Burmuinaren tolesturak erabat ulertzeko asko falta da oraindik, baina gauza jakina da gaixotasun batzuk, hala nola eskizofrenia edo autismoa, garun-azaleko zimur irregularrekin erlazionaturik daudela.

Bestalde, Albert Einsteinek tolestura bat falta zuen garunean, eta litekeena da horregatik hazi izana garuneko arrazoimen matematikoaren eskualdea, hau da, litekeena da Einsteinen jenialtasuna garunean falta zuen tolestura baten ondorio izatea.

Garunaren kanpoaldeko tolesturek ematen diote bere itxura ezaguna pentsatzeko erabiltzen dugun organoari. Baina burmuinak zergatik ditu tolesturak? Tolesturek pentsamendu kontzientearekin lotutako funtzioen eremuak banatzen dituzte, eta 2 edo 3 mm lodiko materia grisaren tolestatzearen emaitza dira.

Baina tolesturek, batez ere, garunaren azalera handitzeko balio dute; izan ere, beraren kanpoalde guztia zabalduko bagenu, burezurraren azalera baino 30 aldiz handiagoa lortuko genuke.

Tolesturak dituen garun bat bolumen bereko beste garun lau batekin alderatzen badugu, tolestutako garunak ahalmen intelektual handiagoa izango du; izan ere, tamaina "baliagarri" nabarmen handiagoa izango du, eta, beraz, burezur barruan dagoen materia gris kantitatea ere handiagoa izango da.





Web 2.0

Merkatuak elkarrizketak direla esan ohi da, eta are gehiago Interneti buruz ari bagara. Sarean erabiltzailea baita errege.

Hori da web 2.0 esan zaionaren oinarri nagusia. Izan ere, Interneten hastapenetan, erabiltzaileak informazio-hartzaile hutsak ziren; baina, bigarren belaunaldiarekin batera, informazio-iturri ere bilakatu dira.

Adibidez, garai batean, egunkariak irakurri besterik ez genituen egiten. Gaur egun, geure egunkari propioa izan dezakegu blog bat erabiliz.

2.0 terminoa 2004. urtean sortu zen. Erabiltzaileen parte-hartzea eta informazioaren elkartrukea esan nahi du, gutxi gora behera, merkatu batean gertatzen den bezala. Webgune sozial edo social media ere deitu izan zaio.

Mota horretako webguneak asko zabaldu dira. Aitzindariak ingeleraz izan baziren ere, gaur egun hainbat hizkuntzatan topa ditzakegu. Wikipedia, bideoak sareratzeko webguneak, argazkiak partekatzekoak... Twitter eta Facebook bezalako sare sozialak ere 2.0-ren seme-alabak dira.

2006. urtean, Time aldizkariak Interneteko erabiltzaileak izendatu zituen urteko pertsonaia. Alegia, zu zeu. Zure edukiak, argazkiak, iritziak... ezagutzera eman nahi badituzu, ez daukazu aitzakiarik. Erabili 2.0 tresnak.





Azeri artikoa

Azeri artikoa katu handi baten tamainako haragijale bat da. Hotzari oso ongi egokituta dago, eta Artikoko lurralde gehienetan bizi da.

Artikoan eta tundran tenperatura igotzearen ondorioz, azeri artikoa baino handiagoa den azeri gorria iparralderantz mugitzen hasi da, eta, pixkanaka, haren gordelekuak okupatzen ari da. Elikagai bereengatik borrokatzeaz gainera, azeri artikoaren kumeak harrapatzen ditu. Gupidarik gabeko konpetentzia hori dela eta, azeri artikoa desagertzen ari da azeri arruntak hartutako lurralde artikoetatik.


Indar gazia

Itsasoak gordetzen duen energia edo olatuen indarra elektrizitate bilakatzeko behar den teknologia gero eta aurreratuago dago. Hala ere, itsasoko energiak oraindik bide luzea du aurrean haize-energia eta beste energia berriztagarri batzuk bezainbeste garatzeko.

Hori horrela izanik ere, olatuen energia aprobetxatzeko sistema eta proiektu ugari daude martxan, eta Euskal Herrian ere badira hainbat egitasmo etorkizuneko energia izan daitekeen hori ikertu eta garatzeko.

Energia berri eta garbien bila, itsasoari begira jartzea da aukeretako bat, itsasoak energia asko gordetzen baitu bere barnean.

Euskal Herrian, esaterako, etekin handia atera ahal zaio olatuen indarrari. Izan ere, euskal kostaldea luzea da, eta, gainera, Bizkaiko golkoa harroturik egotea ohikoa izaten da. Urte osoan, bertako olatuek 3 metro inguruko altuera izaten dute, batez beste. Euskal Herriko kosta, beraz, toki aproposa da olatuen energia ustiatzeko.

Altxor agortezin hori ustiatu ahal izateko teknika egokiak asmatzea da gakoa. Aurrerapauso handiak egin dira alor horretan; dena dela, itsasoko energiaren teknologia gaur egun oraindik urrun dago beste energia-moten alternatiba bilakatu ahal izateko.

Javier Marqués energia berriztagarrien zuzendaria da Energiaren Euskal Erakundean. Olatuetatik datorren energiak etorkizunean garrantzi handia izango duela uste du, eta arlo horretan euskal enpresak aitzindariak izango direla espero du.





Kutxa beltza

Duela egun gutxi, Air France konpainiako Airbus bat Atlantikora erori zen 228 bidaiarirekin. Oraindik ez dago zehatz jakiterik zerk eragin zuen istripua. Informazio baliagarri hori kaxa beltzean dago, eta kaxa beltza ez dute berreskuratu. Hurrengo bideoan, kaxa beltzen garrantziaren gakoa ezagutuko dugu.

Egia esan, gehienok ‘kutxa beltz’ izenarekin ezagutzen dugun hori kolore bizitan dago margotuta, errazago topatzeko.

Hegazkinaren atzealdean kokatzen da, han baitu talka bati aurre egiteko aukera gehien, eta istripu baten kausak argitzeko balio duten bi gailuz osatua dago: batetik, hegaldiaren datu-biltzaileak 80 parametro gorde ditzake, hala nola hegazkinaren abiadura, altitudea, norabidea edo motorren errendimendua. Bestetik, kabinako ahotsen grabagailuak pilotuaren eta kopilotuaren mikrofonoetatik eta aurikularretatik datorren soinua gordetzen du, baita kabinako sabaian kokatutako mikrofono batek jasotzen dituen soinu-alarmen hotsak eta abar.

Altzairuz edo titanioz egindako blindaje batek eta material isolatzaile batek babesten dituzte bi gailuak, hautsi, zapaldu, erre edo busti ez daitezen. Hala, 1.100 graduko tenperatura, 36.000 bider grabitatearen indarra eta 6.000 metrora hondoratutako objektu batek adina presio jasan dezake kaxa beltzak.

Kaxa beltzak gordetzen duen informazioa istripu baten ondoren soilik ezagutarazten da; datu horiengatik ez balitz, hainbat istripuren zergatia ez litzateke behin ere argituko.





Aiako Harria

Aiako Harria Gipuzkoako mendirik zaharrena da: duela 250 milioi urte jaio zen. Garai hartan, arroka magmatiko batzuk azaleratu ziren eta kanpoko materialak eraldatu zituzten. Higaduraren eta denboraren eraginez, Aiako Harria izenez ezagutzen den hiru tontorreko masa granitikoa agerian gelditu zen, 800 metroko altuerarekin.

Harrizko erraldoiaren inguruetan, antzinako gizakiaren babesleku izandako kobak daude, Aitzbitarteko kobak. Kondairaren arabera, han bizi ziren jentilak. Duela 30.000 urteko ehiztarien ehizarako tresnak aurkitu dira leizeetan.

Euskal Herriko ondasun geologiko nagusia da Aiako Harria, eta material ezberdineko txandakako bandatan egituratuta dago. Besteak beste, meatzeko materialak dituzten zain garrantzitsuak daude. Arditurriko meategia da horren lekuko: erromatarren garaian, zilarra erauzten zuten; Erdi Aroan, burdina; Aro Modernoan, blenda; eta XX. mendean, fluor espatoa. Azkenik, 1986an itxi zen meategia.

Paisaian meatzearen arrastoak gelditu dira: meazuloak, hondakindegiak... Baita “Inglelesaren Gaztelua” ere, Erdi Aroan minak ustiatzen zituen ingeles baten etxea izandakoa.

Aiako Harria eta haren inguruak natura-parkea dira orain, 6.913 hektarea guztira, eta Gipuzkoako Bidasoaldeko, Oarsoaldeko eta Donostialdeko lurrak hartzen ditu.

Pirinioetako azken txanpa honek, haran zabalak, malda malkartsuak eta ur-jauziz jositako amildegiak ditu. Klima euritsuak, gainera, errekaz bete du eremua.

Iturburu naturalek bustitzen dituzte lurrak. Paisaiaren parte dira Añarbeko urtegia eta inguruko harizti-pagadia; eta Endarakoa eta hango harizti-ameztia.

Fauna eurosiberiarra bizi da inguruetan, 170 ornodun espezie, hain zuzen: sai arrea, arrano txikia, arrano sugezalea... Aiako Harrian Gipuzkoako hegazti-komunitaterik handiena bizi da.





Fruta bakoitza, bakarra

Egunean 5 fruta-pieza jan behar dira: hori da medikuek gomendatzen dutena. Basokada handi bat zuku edanez gero, gomendio hori beteko genuke, baina zuku hori norberak egindakoa ez bada... nola identifika genitzake ziurtasunez edaria osatzen duten frutak?

EHUko Zientzia Fakultateko Kimika Analitikoa Departamentuko ikerlariek metodo berri bat garatu dute. Metodo horren bitartez, ziurtasunez identifikatu daiteke fruten deribatuen edukia.

Itxura, prezioa, gustua, garaikoa izatea... hainbat arrazoi izan daitezke fruta bat edo beste aukeratzeko. Fruta bat edo beste aukeratu, kontsumitzaileak, merkatura joan eta marrubiak edo sagarrak erosi dituen kontsumitzaileak, ziurtasun osoz daki eskuratu duen produktua benetakoa dela. Hor ez dago iruzurrerako aukerarik. Ez dago laranjak eta mandarinak nahasterik.

Frutak osorik erosi beharrean, fruta-zukua eskuratuz gero, aldiz, iruzur egiteko aukerak gehiago dira.
EHUko Zientzia Fakultateko Kimika Analitikoa departamentuko ikerlariek frutekin egindako elikagaietan erabilitako frutak zein diren ezagutzeko metodoa garatu dute. Lan horri esker, orain aukera dago jogurt, mermelada zein zukuak egiteko erabilitako frutak ziurtasunez identifikatzeko.

Ziurtasuna fruten polifenol-profilak eskaintzen du.




Zergatik flotatzen du izotzak?

Gorputza freskatzeko neurriak martxan jartzeko garaia dator. Eta zer hobe basokada bat ur fresko baino. Ura edo beste edariren bat! Eta, noski, edaria hotz-hotza nahi baduzu, onena izotza botatzea da! Tamalez, eragozpen bat du teknika horrek: izotzak ur gainean geratzen dira, eta traba egiten dute.

Zergatik geratzen da, ba, ur gainean izotza? Ura berezia da horretan; izan ere, likido gehienak ez bezala, izoztu ahala hazi egiten da. 0 eta 4 gradu artean gertatzen da hori. Izotzak bolumen handiagoa hartzen du, hau da, dentsitate handiagoa du, eta, ondorioz, uraren edo dentsitate txikiagoko beste edozein likidoren azalean geratzen da.

Azalpen horrek kontrako egoera ulertzeko ere balio digu; hau da, demagun edalontziaren gainetik ateratzen dela izotza. Berez, izotzaren % 10 baino pixka bat gutxiago ateratzen da uraren mailatik. Badirudi izotza urtzen denean urak gainezka egingo duela, baina ez da halakorik gertatzen. Alderantziz, izotzak jatorrian zuen bolumena berreskuratzen du, hau da, bildu egiten da, eta ez da kanpora isurtzen. Horrexegatik, hain zuzen ere, itsas mailari ez dio eragiten icebergak urtzeak; bai, ordea, glaziarrak urtzeak.




Koloreak eta beroa

Zenbat aldiz entzun dugu auto beltzak edo ilunak zuriak baino gehiago berotzen direla? Edo Mediterraneoko etxeak fresko eusteko margotzen direla zuriz?

Izatez, gauzen kolorea xurgatzen duten eguzki-argiaren araberakoa da. Hala, gauza gorriek irradiazioaren kolore guztiak xurgatzen dituzte gorria izan ezik. Gorria islatu egiten dute, eta huraxe da guk ikusten duguna. Objektu zuriek jasotzen duten argi guztia islatzen dute eta zuri ikusten ditugu. Gauza beltzek, ordea, argi guztia xurgatzen dute; ez dute batere argirik islatzen, eta, beraz, ezin kolorerik ikusi.

Argia, ordea, uhin moduan barreiatzen den energia-mota bat da. Horregatik berotzen dira errazago gauza beltzak: argi gehiago, eta, beraz, energia gehiago xurgatzeko gai direlako. Eta horregatik dira freskoagoak karez zuritutako Mediterraneoko etxeak: beren paretek energia gehiago islatzen, eta beraz, bero gutxiago xurgatzen dutelako.

Dena den, gaur egungo materialetan, kasu askotan, koloreak ez du eragin handirik tenperaturan; izan ere, garrantzitsua da objektua eta pintura zerez eginak dauden. Pinturetan eta estalduretan erabiltzen diren material plastikoek, adibidez, ezeztatu egiten dute koloreak tenperaturan izan dezakeen eragina.




Txantxarra

Eta, orain, osasun-kontuei egingo diegu tartetxoa. Gaur, Irungo Ane Olasagastik bidalitako galderari erantzungo diogu. Txantxarra nola sortzen den jakin nahi du Anek.

Infekzio bat da txantxarra, hortzetako mikroorganismoek sortzen dituzten azidoek eragindako infekzio bat. Zerbait jaten dugunean, hortzetan geratzen dira janari horren arrastoak. Hortzetako plakako mikroorganismoek arrasto horien karbohidratoak metabolizatzen dituzte, eta azidoak sortzen dituzte. Azido horiek dira, hain zuzen, denbora-tarte bat jardun ondoren, hortzetako ehun gogorrak suntsitzen dituztenak. Horren eraginez sortzen dira zuloak.

Hala ere, txantxarrak fase bat baino gehiago izaten ditu. Zuloa egitera iritsi aurretik, hortzaren azala zurixka bihurtzen da. Fase horretan, fluorra hortzen gainean aplikatuz, esmaltea gogortzea lortzen da, eta txantxarra saihets daiteke.

Prebentzio-neurri gisa, azukrearen kontsumoa murrizteaz gain, xilitola duten txikleak mastekatzea eta hortzetan erraz itsasten diren janariak ez jatea gomendatzen diogu Aneri.

Beti bezala, badakizue teknopolis@elhuyar.com helbidea eskura duzuela osasun-gaiei buruzko galderak bidaltzeko.



Ontzi ekologikoa

Pasaiako portura joko dugu datozen minutuetan Le Manguier itsasontzia ezagutzeko. Bertako tripulazioa Korsikatik Japoniara egiten ari da bidaia... baina modu desberdin batean: ordezko energiak erabiltzen ari dira nabigatu ahal izateko.

Bidea Artikotik egingo dute, ordezko energien eraginkortasuna muturreko kondizioetan probatu nahi dituzte eta. Bidaiaren helburua da arrantza-ontzi txikiei ekonomikoki errentagarriagoak izaten laguntzea eta ingurumenarekiko errespetu handiagoa izatea.




Oxigenoa leku garaietan

3.000 metrotik gora, gizakiak zailtasunak izan ditzake arnasa hartzeko. Altuerak sortutako hipoxia deitzen zaio horri. Organismoak oxigeno gutxiago dagoen lekuetara moldatzeko duen zailtasuna da. Baina zergatik dago oxigeno gutxiago altuera handiko lekuetan?

Gakoa atmosfera-presioan dago, hau da, atmosferako puntu guztietan aireak egiten duen presioan. Imajina dezagun une batez gure buruen gainean airezko zutabe bat dugula, atmosferako punturik altuenera iristen dena. Airezko zutabe horren pisua da presioa.

Itsas mailan dagoen zutabearen presioa handiagoa da mendi garai baten gailurrean dagoena baino. Hau da, zenbat eta altuera handiagoan egon, hainbat eta txikiagoa da atmosfera-presioa. Airearen osaera beti berdina da: % 78 nitrogenoa eta % 21 oxigenoa. Kimikaren oinarrizko legeen arabera, zenbat eta presio txikiagoa egon, orduan eta bolumen handiagoa hartzen du aireak; beraz, leku garaietan, espazio edo bolumen berean, aire gutxiago dago, eta, hortaz, oxigeno-molekula gutxiago.

Arrazoi horrexegatik egiten zaio gizakiari zailagoa leku garaietan arnasa hartzea.




Zimurrak eskuetan

Seguru zuri ere gertatu izan zaizula. Bainu luze eta lasaigarri bat hartu duzu, edo igerilekuan saio eder bat egin duzu, kanpora atera, eta eskuetako azala zimur-zimur egina duzu. Ohikoa da hori.

Eskuak eta hankak uretan denbora luzez izanez gero, azala beratu eta zimurtu egiten da. Epidermisak inguruko ura xurgatu duelako gertatzen da hori: ura azalaren poroetatik sartzen da, eta zelulak puztu egiten dira. Ondorioz, azala handitu egiten da, era ez uniformean, eta tolestu egiten da, zimurtu.

Gainera, xaboia erabiltzen bada, eragina are eta nabarmenagoa da. Izan ere, xaboiak azaleko gantza erauzten du, eta horrek urari bidea errazten dio. Dena den, esku-ahurretan eta hankazpietan berez oso erraz galtzen da gantza, etengabe igurzten ari baitira. Horregatik, horiexek dira uretan gehien zimurtzen diren gorputz-atalak. Tira, horregatik bakarrik ez, kontuan izan behar da, baita ere, esku-ahurretako eta hankazpiko epidermisa lodiagoa dela, eta ondorioz, hantura nabarmenagoa dela.

Hortaz, azala beratuta eta zimurtuta izateak hozkia ematen badizu, egin kasu gomendio honi: dutxa azkar bat eta kalera!




Bonaire, urpekarien paradisua

Bonaire Antilletako uharte txiki bat da, eta ezaguna da haren itsas inguruneko natur ondarea babesteko egin den lan aitzindariarengatik . Uhartea Kariberen hegoaldean dago, Venezuelako kostaldearen parean.

Uhartea 40 kilometro luze da, gutxi gorabehera, eta 5 eta 12 kilometro arteko zabalera du. Menditsua eta lehorra, basamortuetako landaretza tipikoa da nagusi, eta kostaldea turkesa koloreko urek inguratzen dute. Uretan, berriz, ugariak dira koralak.

Bonairez hitz egitea urpekaritzaren eta urpekarien paradisuaz hitz egitea da. Urak garden-gardenak dira, eta 30 metroko sakonera arte ondo ikusten da. Uharte honetan bizi zirenek, arawak tribukoek, “Azpiko Lurra” deitzen zioten. Inguru honetan urpean ibiltzeko zaletasuna dutenek landare eta animaliaz osatutako zientzia-fikziozko paisaia batekin gozatzeko aukera izaten dute.

Urpeko ondarea une oro kontrolpean dago. Bonairen itsasoko bizitza eta kostaldea babesteko legeak dituzte. Koralezko arrezifeak eta han bizi diren arrain-espezieak —otso-arrainak, meroak, tronpeta-arrainak, aingeru-arrainak, barrakudak, itsas trikuak eta abar— babestuta daude. Bonaire izan zen Karibeko lehen uhartea arpoiaren bidezko arrantza debekatu zuena, duela 30 urte baino gehiago. Debeku haren ondotik bigarren bat etorri zen: koralik ezin da atera uretatik.

Babestutako eremuak uhartearen kostalde osoa hartzen du, 60 metroko sakonera arte. Neurri horiei esker, badirudi arrezifearen ekosistemaren etorkizuna ziurtatua dagoela.





Hozkia

Atseginak ez diren zarata edo hotsek hortzetan eragiten duten ondoeza da hozkia: azazkalak gainazal jakin batzuen kontra igurzteak, sardexka edo labana plateretik irristatzeak, agortutako errotuladore batekin idazteak... pertsona guztiei ez die gauza berak eragiten, ezta neurri berean ere.

Ikusmenaren, entzumenaren, dastamenaren eta ukimenaren bidez jasotako estimuluek sor dezakete hozkia. Eta ez hori bakarrik, estimulu horiek gogoratze hutsak ere eragin dezake. Gehienbat hortzetan nabaritzen da, baina gorputz osoak jasotzen du astindua: bihotz-taupadak azkartzen dira, oilo-ipurdia agertzen da azalean eta hotzikarak ere suma daitezke.

Arlo askotako zientzialariak saiatu dira hozkiaren mekanismoak argitzen. Eta, nola sortzen den azaldu ahal izan duten arren, oraindik ez dakite zergatik. Gorputzaren erreakzio unibertsal eta irrazionala izanik, 50.000 urtetik gora duen emozio-multzoa dela diote neurologo batzuek; gure arbasoengandik heredatu dugun instintu primitiboa.

Izan ere, teorietako baten arabera, felido handien atzaparrek harkaitzetan edo harrapakinen hezurretan ateratzen duten hotsa gogorarazten digute soinu jakin batzuek, eta, ondorioz, gorputza erne jarriko litzateke, ihes egiteko prest.





Japoniako aintzinako basoak

UNESCOk gizateriaren ondare izendatutako hiru leku daude Japonian. Shiretoko penintsula da horietako bat.

Hokkaido uhartearen ipar-ekialdean kokatuta dago, eta haren izenak ‘Lurraren amaiera’ esan nahi du ainu hizkuntzan. Baso epel eta subalpetarrek osatzen duten paisaia hau Japoniako ederrenetakoa da, eta haren zati handi batera itsasontziz edo oinez soilik irits daiteke. Barnealdean Kamuiwakka ur-jauziak ezkutatzen dira, herrialde osoko ur beroko iturririk onenak.

Itsasoko eta lurreko ekosistemen arteko elkarrekintzaren adibide bikaina da Shiretoko. Hainbat arrain migratzaileren topagunea da; gehienak endemikoak dira, eta desagertzeko arriskuan daude.

Bestetik, Honshu uhartearen iparraldean, ekialdeko Asiako pagadi birjinarik zabalena dago. Shirakami-Sanchi da, 500 landare-espezie gordetzen dituen baso erraldoia. Haien sustraien azpian, toba bolkanikoz, buztinez eta hareharriz osatutako arrokak daude, 12 eta 20 milioi urte bitarteko adina dutenak.

Azkenik, Yakushima uhartea munduko prezipitazio-indizerik altuena duelako da ezaguna: urteko 10.000 mm ur, batez beste. Pentagono irregular baten forma du, eta haren 505 kilometro karratuetan 20.000 pertsona baino gutxiago bizi dira tximu- eta orein-populazio handi batekin batera. Sugiaren, zedro japoniarraren, bizileku nagusia ere bada Yakushima; hain zuzen, kultura japoniarrean naturarekiko konexioa irudikatzen duen ikurra da sugia.





Pinguinoak ez dira izozten

Gurean elurrak eta izotza noizean behineko kontua izaten dira neguan, baina gure hurrengo gonbidatuek maiz aurkitzen dituzte elurra eta izotza. Pinguinoez ari gara. Inoiz pentsatu al duzue eguna izotzetan emanda ere ez zaizkiela ez hankak eta ez gorputza izozten? Ikus dezagun zergatik.

Pinguinoek hanketara iristen zaien odolaren fluxua kontrola dezakete izterrean behera doan arteria estutu edo zabalduz, tenperaturaren arabera. Horrela, eta azalaren azpiko gantz ugariarekin, lortzen dute pinguinoek hankak ez izoztea. Oso hotz edukitzen dituzte, 5 gradu inguruan, baina izoztu gabe.

Hala ere, hankak ez izoztea pinguinoen arazoaren erdia besterik ez da. Izan ere, hanketako odola 5 graduan itzuliko balitz gorputzera, pixkanaka, gorputza bera hoztu egingo litzaieke behetik gora. Hori saihesteko, hanketako zainak oso adarkatuta dauzkate, eta, gainera, goitik behera odol beroa daramaten zainak eta behetik gora odol hotza daramatenak elkarren kontra daude. Ondorioz, behetik gora doan odol hotza berotu egiten da gorputzetik datorren odol beroaren eraginez.
Horrela lortzen dute pinguinoak hankak ez izozteko adina bero edukitzea eta, aldi berean, hanketako odol hotzak gorputza ez hoztea.

Horrez gain, gorputzeko tenperatura ugaztun gehienena baino altuagoa daukate pinguinoek, 40 gradu inguruan. Bero horri barruan eusteko, azal azpian gantza ugari dute, eta azal gainean lumaje sendo eta itxia.






Sahara, basamortuen erregea

Basamortuez hitz egitean, gehienoi Sahara etortzen zaigu burura, hura baita gertuen duguna.

Sahara da munduko basamortu bero handiena. Afrikako iparraldean dago, eta 9.000.000 km2 baino gehiago ditu; hasi Ozeano Atlantikotik eta Itsaso Gorriraino. Iparraldean Mediterraneo itsasoa da bere muga. Afrika osoaren ia % 10 da Saharako basamortua.

Lurraldeak baditu gutxienez 2,5 milioi urte, baina denbora horretan guztian ez da hain lehorra izan. Hainbat ziklo izan ditu klimari dagokionez. Duela 8.000 urte baso ugari zegoen Saharan, zuhaitzen fosilek eta labar-margoek adierazten duten moduan. Orduan lehortzen hasi zen, baina duela 2.000 urte oraindik sabana bat zen, jirafak eta beste hainbat animalia zituena.

Gaur egun, Saharan badira tokiak urte osoan metro karratuko 0 eta 25 mililitro euri besterik egiten ez duena. Zenbait tokitan lurpetik sortutako ura besterik ez dago.

Lehortzearen ondorioz, paisaia erabat biluzik geratu da. Toki askotan duna ikusgarriak sortu dira hainbat kilometroko eremuan. Beste askotan, harkaitzak eta legarra dira nagusi. Izatez, basamortuaren hiru laurden inguru harri edo hartxintxarrezkoa da; dunek Sahararen laurdena inguru estaltzen dute.

Eta hain paisaia eta kondizio gogorretan ere, gizakiak bere jardunean jarraitzen du. Landaretza-izpiren bat dagoen tokietan, artzain nomadak bizi dira; toki lehorrenak, berriz, karabanen joan-etorrien lekuko dira.





Elektrizitate-metaketa

Argia, ordenagailua edo labea piztean, sare elektrikora konektatzen gara energia jasotzeko; baina energia hori beste nonbait sortu behar da une horretan bertan: ez dago etxeko atarian gordeta, gure zain.

Une oro, sortzen den energiak eta kontsumitzen denak berdinak izan behar dute. Hori posible da erraza delako gure ohiturak aurrez jakitea, eta, beraz, erraza da elektrizitate-kontsumoa ere iragartzea. Eskerrak! Izan ere, kontsumitzen den elektrizitatea baino gehiago edo gutxiago sortuz gero, sarearen gainkarga edo itzalaldia gertatuko litzateke.

Gaur egungo sistema elektrikoaren eragozpen nagusia zera da: energia elektrikoa, eskala handian, ezin dela pilatu, argia pilatzerik ez dagoen bezalaxe.

Baina, orduan, zergatik gorde daiteke elektrizitatea baterietan edo piletan? Erreakzio kimiko batek elektrizitatea sor dezake, bai, baina soilik eskala txikian, eta erreakzio kimikoa amaitzean, pila agortu egiten da. Bateriak, azken finean, birkargatu daitezkeen pilak besterik ez dira. Horregatik, tresna elektronikoak bateria bidez elikatzen ditugu. Baina tresna elektronikoek oso gutxi kontsumitzen dute makinen edo berogailuen aldean. Zergatik ez garbigailua edo labea martxan jarriko duen pila bat? Egungo teknologiarekin, pilaren tamaina eta kostua erraldoiak direlako, besteak beste.




Tunela unibertsora

Unibertsoa ikertzeko, ohikoa da teleskopioak erabiltzea; bai Lurrekoak, bai espaziokoak. Baina, bitxia dirudien arren, bada lurpera sartzen denik unibertsoari buruzko ikerketak egiteko.

Pirinioetan, esaterako, bada tunel luze bat barruan laborategi bat daukana: unibertsoaren osagaiak ikertzeko erabiltzen da. Gu ere tunel horretan barrena sartu gara laborategi berezi horretan egiten dituzten ikerketak ezagutzeko.

Canfranc-eko tren-geltoki historikoan lanak egiten ari dira, zaharberritzeko beharra dauka eta. Gaur egun, Zaragozatik datorren linea horretako trenen azken geltokia da, baina garai batean trenbidea Frantziaraino iristen zen 8 kilometroko tunelean zehar.




Eskuinak eta ezkerrak

Hamar lagunetik bat ezkerra da. Ezkerrak ongi daki desabantaila garbiak dituela gutxiengoaren parte izateak. Izan ere, egunero erabiltzen ditugun tresnetako asko eskuinentzako eginak dira: guraizeak, ordenagailuaren sagua, lata-irekitzekoa, mikrouhin-labea...

Ezkerra eta eskuina trebezia desberdinez erabiltzeari lateralitate esaten zaio, eta hominido gutxi batzuen ezaugarria da, antza, gainerako animaliak eskuinarekin bezain ongi moldatzen baitira ezkerrarekin ere.

Gizakion lateralitatearen atzean hizkuntza dago. Hizkuntzarako gaitasunak garunaren eskuin-hemisferioaren zati handi bat hartzen du; horregatik, gorputzaren mugimenduak hobeto zuzentzen ditu beste hemisferioak, ezkerrak. Eta ezker-hemisferioa da eskuin-eskuaren mugimenduak zuzentzen dituena.

Noski, azalpen horren arabera, guztiok eskuinak beharko genuke. Eta hala omen ziren gizon-emakume guztiak duela 2 milioi urte. Baina, harrezkero, ezkerren proportzioa handitu egin da. Zergatik? Auskalo! Eboluzioaren gutizia izango zen agian, baina kontua da hizkuntzaren kokapena ez dela oraindik nahikoa azaltzeko zergatik garen batzuk eskuinak eta besteak ezkerrak.




Artikoa: planetaren termometroa

Artikoaren zati nagusia, poloetako eremu ozeanikoetan eratzen den izotz-geruza flotatzaile batek osatzen du. Zuhaitzik gabeko eta zorupe izoztuko lurraldeek inguratzen dute. Izotz-geruzaren ohiko lodiera, urtero berritzen dena, metrobetekoa izaten da; eta denboran irauten duena 4-5 metrokoa izatera irits daiteke; adibidez, polotik gertuen dagoen inguruetan. Salbuespena badira ere, 20 metroko lodierako geruzatzarrak ere eratu izan dira. Sarritan, izotz-geruza lodi horiek behin eta berriz puskatu eta soldatu diren izotz-blokeen ondorioa dira.

Artiko izena, grekerako αρκτος izenetik dator. Grekeraz hartza esan nahi du, eta Hartz Handiaren eta Hartz Txikiaren konstelazioei egiten die erreferentzia, Ipar izarretik oso gertu daude eta.

Oreka fisiko, kimiko eta biologikoaren ikuspegitik, Lurraren eremu hau giltzarria da. Kliman gertatzen diren aldaketen aurrean bereziki, modu sentikorrean erantzuten du. Beraz, inguru osoaren egoera ulertzeko informazio ezin hobea ematen du. Klima-aldaketa ikertzen ari direnen ikuspegitik, Artikoa alerta-sistema goiztiarra da.

Hain zuzen ere, Lurraren berotze globala eragiten ari den urtzealdia da Artikoaren arazo larriena. Dudarik gabe, zonari buruzko subiranotasun-arazoak sortuko lirateke, batetik ipar-mendebaldean itsasontzietarako balizko pasabide bat irekiko litzatekeelako, eta, bestetik, agerian geratuko liratekeelako ustezko hidrokarburo-erreserbak, urrea, diamanteak eta bestelako natur-baliabideak.

Artikoa bizi-bizirik dago: izotzetan dauden izaki bizidunak, arrainak, ugaztunak, hegaztiak, eta han bizi diren gizaki urriak horren lekuko. Subiranotasun-arazoek, seguruen, heriotza ekarriko diote.




Wadi Rum: basamortu gorria

Urre-koloreko hondarraren askotariko ñabardurak eta haizeak milaka urtetan moldatutako mendiek basamortu ederretan eder bihurtu dute Wadi Rum. Jordanian dago, Petratik hegoaldera eta Itsaso Gorritik gertu, eta Jordan ibaiaren haranik handiena da.

Hondarrezko lautada zabalak inselberg izeneko harkaitzez josita daude; ingurua zeharkatzen duten faila-lerroek sortu dituzte harkaitza. Kanbriaraurreko granitoa estaltzen duen hareharriak jasandako higadurari zor diote inselbergek gaur egun duten itxura.

Mendi hauek 800 eta 1750 metro bitarteko altuera dute, eta bertigoa ematen duten gandorrez, amildegiz eta harrizko zubiz beteta daude. Gailurrik garaiena Jabal Rum da.

Lurraz kanpoko itxurako paraje bat da Wadi Rum basamortua, eta ez da harritzekoa Planeta Gorria izeneko filma, Marteri buruzkoa, hemen grabatu izana. Arabiako Lawrencen kondairak ere hementxe du jatorria.

Ilunabarrean eguzkiak ikuskizun paregabea eskaintzen du, mendietan islatuz eta hondarra gorri biziz koloreztatuz.





Biribilak dira planetak

Lurra eta inguruan ikusten ditugun planetak eta sateliteak biribilak dira. Platonek garbi zeukan: gorputz zerutiarrek, jainkoak izaki, perfektuak izan behar zuten ezinbestean, eta simetria perfektua esfera da.

Platonen azalpenak gogobetetzen ez bazaitu, azalpen gaurkotuago bat badago: planetak biribilak dira grabitazio-indarrarengatik. Grabitazio-indarrak, planetaren zentrotik tiraka balego bezala, lurrazala leuntzera jotzen du. Horregatik, jatorrian gorputz irregular bat izanik ere, denborarekin biribilduz joango da.

Baina unibertsoan gorputz guztiak ez dira biribilak, harkoskor-itxurakoak ere badira: Marteren Fobos eta Deimos ilargiak eta asteroideak, oro har, irregularrak dira: txikiak dira, eta grabitazio-indarra ez da behar bezain indartsua. Biribiltzea gorputz handietan bakarrik gertatzen da.

Lurra bera ere ez da guztiz biribila: errotazioaren eraginez, deformazio txiki bat du: Lurraren erradioa 22 km handiagoa da ekuatorean poloetan baino. Eta begi-bistan ikusten dugun bezala, bestelako jardueren eraginez Lurra ez da, inondik inora ere, esfera perfektu bat.




Medulak: urrearen indarra

Mundu ikusgarria atalean, naturak berez sortutako parajeak erakutsi izan dizkizuegu, edo, gehienez ere, naturak sortu eta gizakiak eraldatutakoak. Gaur erakutsiko dizuegun parajea, ordea, giza eraginaren ondorioa da. Egun, erabat naturalizatuta dago, baina, sortzez, urre-ustiakuntza bortitzaren ondorioa da. Ingurune deigarri eta polita, edonola ere.

Urrearen garrantzia ez da atzo goizeko kontua. Las Médulas izeneko parajea, esaterako, Erromako inperioaren urre-meategirik handiena izan zen. Horri zor dio inguruak duen itxura berezia.

‘Ruina montium’ izeneko teknika erabili zuten urrea erauzteko. Lehenik, ura biltegi handietara ekartzen zuten inguruko mendietatik kanal-sare zabal baten bidez. Ur hori bat-batean sarrarazten zuten lurrean egindako galerietan, eta mendia, material bigunekoa izaki, lehertu egiten zen, uraren eta galerian harrapatutako airearen presioak eraginda. Horrela askatutako lurra urarekin garbitu, eta urrea eskuratzen zuten.

Urre-ustiaketa bortitzak 200 urte eskas iraun zuen. Ondorengo mendeetako artzaintza ere bukatu da, eta paisaia naturalizatu egin da. Gaur egun, badirudi ia 100 metroko garaiera duten tontorrak berezkoak direla.

Las Médulas Espainiako ipar-mendebaldean dago, Leon probintziaren hegoaldean. Konglomeratu gorriz osatutako lurra da, eta, urreaz gain, baditu zilarra, burdina eta boraxa ere, besteak beste. Konglomeratu gorri horiek Bierzoko arro sedimentarioan daude gaur egun, baina haien jatorria ezezaguna da.

Teoria nagusiak dio arroa sortu ondoren metatutako sedimentuak direla konglomeratuak, baina bada zantzurik ere pentsatzeko arroa sortu aurretik toki horretara ibai handi batek garraiatutako sedimentuak direla.

Jatorri geologiko misteriotsuak, giza historiak eta gaur egun geratu diren forma bitxiek xarma berezia ematen diote Las Médulas izeneko parajeari. Beharbada horregatik izendatu zuen Unescok Gizateriaren Ondare.





Gatza vs izotza

Negua iristean, tenperatura jaitsi egiten da. Tenperatura hori 0 ºC ingururaino jaisten bada, orduan elurra edota izotza ager daitezke, hori baita, ur puruaren izozte-tenperatua itsas mailan: zero gradu.

Baina zera gertatzen da: ura hoztu ahala, ur-molekulek ordenatu eta txukun-txukun paketatzeko joera dute. Zero graduan molekulak erabat ordenatuta eta paketatuta daude, eta horregatik ezin dira mugitu ere egin; ura solidotu egiten da; izoztu.

Gatza gehitzean, gatzaren molekulak uraren molekulen artean sartzen dira, eta bien arteko nahastea sortu. Ur gazi horren izozte-tenperatura ur hutsarena baino baxuagoa denez, likido-egoeran geratzen da, eta ez da izozten. Edo izoztuta zegoen ura urtu egiten da, gatza gehituta izotz gazi bilakatzen delako.

Gainera, zenbat eta gatz gehiago izan urak, orduan eta baxuagoa izango du izozte-puntua. Hori bai, -20 ºC-tik behera, ur gazia ere izoztu egiten da.

Oso jostagarria izan daiteke elurra eta izotza bera, baina baita gogaikarria ere gidarientzat eta oinezkoentzat. Haientzat gatza izaten da irtenbideetako bat.




Mont Blanc, Alpeetako gailurra

Mendi zuria, horixe da Mont Blanc, izenez eta izanez.

Frantzia eta Italia arteko mugan, gailur batek ez ezik, mendi-sistema oso batek hartzen du Mont Blanc izena. Mediterraneotik gertu hasten diren Mendebaldeko Alpeen zatirik ezagunena da Mont Blanc.

Mesozoikoan izan ziren mugimendu tektonikoetan kokatzen da granitozko masa erraldoi honen jatorria. Lau mila metrotik gora altxatzen diren haren tontor eta erpin zorrotzak eta higatu gabeak dira sorrera geologiko berri horren lekuko.

4.810 metrorekin, Mont Blanc Alpeetako tontorrik garaiena da. Mendiaren altuera zehatzaren datua ez da beti berdina izan. Harrizko gailurraren gainean pilatutako elur-kopurua izan da aldaketen arrazoia. Azken neurketan bi metro eta hamabost zentimetro erantsi zizkioten.

Garaiera horretan pilatutako elurra Argentíere glaziarrean eta bera osatzen duten glaziar multzoan trinkotzen da. Mendi-sistemaren 24 kilometro karratu hartzen ditu izotz-masak eta pilatze-eremuan eroritako elur-kopuru handiari esker, aurreratze ikusgarriak izan zituen XX. mendean.

Mont Blanc-en, elurraren eremu zuria 2.700 metroan hasten da. Handik behera, 1.500 metrora arte, larreak dira nagusi. Mendian beherago, basoa aurkitzen da: koniferoak, pagoak, haritzak... eta, oraindik beherago, haranetan, herriak eta landa-lurrak.

1786an zapaldu zuten lehen aldiz haren gailurra. Harrezkero, munduko mendizale asko eta askoren ametsa da Mont Blanc-en tontorrera iristea. Mendi-sistemaren aberastasun biologikoak eta edertasun naturalak urtero-urtero beste milaka turista ere erakartzen ditu.




Oktanoak

Ibilgailu gehienen motorrean airea eta erregaia zilindroan sartu eta konprimitu egiten dira, txinparta batez leherrarazi egiten dira, eta hala eskuratzen da ibilgailua mugiazariko duen energia. Zilindroko konpresioa handia denean, hidrokarburo txikiak berez lehertzen dira, txinpartarik gabe, eta ez diote autoari potentziarik ematen; oktanoak, aldiz, ondo eusten dio konpresioari.

Gasolina hidrokarburoen nahastea da, eta, batik bat, oktanoz, 8 karbonoko hidrokarburoz, osatuta dago. Oktano-zenbakiak nahastean zer oktano-proportzio dagoen adierazten du. Adibidez, 95 oktanoko gasolina ikustean, zenbakiak adierazten du gasolina horren % 95 oktanoak direla; eta gainerako %5, bestelako hidrokarburoak.

Motorrei potentzia handiagoa emateko, konpresio handiagoa baliatzen duten motorrak behar direnez, gasolinari beruna gehitu izan zaio. Berunak motorraren zatiak lubrifikatzen ditu, eta gasolinaren oktano-zenbakia handitzen du.

Baina ingurumenerako eta osasunerako txarra da beruna. Beraz, 1980ko hamarkadaz geroztik, ingurumenaren aldeko kontzientzia dela medio, petrolio-konpainiek berunik gabeko erregaia ekoizten hasi beste aukerarik ez zuten izan.

Berunaren funtzio babeslearen beharrik ez duten autoak egiten diren arren, berundun super gasolina ez da oraindik merkatuetatik erretiratu. Txin-txin txin-txin... diruaren hotsa.





Iratiko basoa

Bakanak dira naturaren lasaitasuna hain nabarmena den tokiak. Iratiko oihana da horietako bat.

Euskal Herriko basorik ezagunenetarikoa Pirinioan dago, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoa elkartzen diren tokian. 17.200 hektarea inguru ditu; pagoak dira nagusi, baina izeiak ere ugari dira. Europako pagadi-izeidi handienetakoa da. Ez hori bakarrik: Irati da Europan izeien mendebaldeko muga; mendebalderago ez da izeirik hazten naturalki, urte osoan giro hezea eta muturreko tenperaturarik gabekoa behar baitu.

Udazkenean, koloreen mundua bilakatzen da Irati, zuhaitz bakoitzak bere ezkutuko koloreak bistaratzen dituenean.

Hala ere, pago edo izei ez diren zuhaitzak nahiko urri dira Iratin; pagadi-izeidia baso itxia delako, bai, baina, batez ere, balio ekonomiko eskasagoa dutelako; beraz, ez zaie hazteko aukera handirik ematen.

Baso horien guztien gainetik Ori mendia dago; Pirinioetako 2.000 metroko lehenengo mendia, euskal kostaldetik hasiz gero.

Haren magalean, Irabiako urtegia, giza jardueraren erakusgarria.
Izatez, giza ustiapena ez da berria bazter honetan. XVIII. mendean jada, Espainiako eta Frantziako armadetako ontziak egiteko erabiltzen zen Iratiko egurra. Gaur egun, egurretarako zein aisiarako ustiatzen da.

Dena den, Iratin, altxor ugari aurkituko ditu begi eta belarriak erne dituenak; besteak beste, 23 hegazti-espezie. Ez dira ikusten errazak, baina hor daude, bisitariari so.




El Hierro

1492an Kolon Ameriketan lehorreratu zen arte, jendeak uste zuen El Hierro uhartea baino haratago Ozeano Iluna soilik existitzen zela, eta munstro basatiz betea zegoela. Zero meridianoa kokatzen zuen puntu geografikoa ere izan zen El Hierro, 1885ean Ingalaterrako Greenwich hiriak ordezkatu zuen arte. Gaur egun, anekdota historiko ugariz gain, uharte hau biosferaren erreserbatzat hartzen da, duen biodibertsitatearen garrantziari eta aberastasunari esker.

Esan ohi da Hierro uhartea kontinente bolkaniko txiki bat bezalakoa dela, miniatura geografiko baten modukoa; han, paisaia ikusgarrietan txertatuak, fauna- eta flora-ekosistema ugari ageri dira elkarren ondoan. Miter edo sabina zuhaitzen basoa da paraje horietako bat. Zuhaixka horiek ehunka urte dituzte eta uhartea astintzen duten haize alisioen eragina dute haien apetazko formek. ...Gorago, 800 eta 1500 metroko altueren artean, laurisilba-basoa da nagusi, “monteverde” izenez ere ezagutzen dutena. El Hierro uhartea mundu osoan maila-desberdintasun handiena duten lurraldeetako bat da . Horregatik, ikuspegia sekulakoa da altuera honetatik.

Faunari dagokionez, El Hierroren harribitxia musker erraldoia da, uharte honetan soilik bizi den narrastia. Duela urte gutxi arte uste zen espezie hau desagertua zegoela, baina 1970eko hamarkadan artzain batek ezustean aurkitu zituen ale batzuk, eta muskertegi bat sortu zen espeziearen iraupena bermatzeko.

Kanariar uharteetako irlarik gazteena da El Hierro. 1,2 milioi urteko adin geologikoa duela uste da. Sumendi-dentsitaterik handiena duen uhartea ere bada... 500 krater ditu agerian, baina baita beste 300 ere, laba-kolada artean gorderik. 70 kobazulo eta sumendi-hodi ere baditu El Hierro uharteak.