piedra.gif


Ekosistemaren eboluzioa

Ekosistema izaki bizidun handi bat bezalakoa da, denboran zehar aldatzen doana. Ekosistemak jasaten dituen eraldaketak epe labur eta luzerakoak izan daitezke.

Epe laburrerako aldaketak ekosisteman bertan gertatzen diren aldaketak dira; epe luzerako aldaketak, berriz, ekosistema aldaketak dira, hots, ekosistema baten ordez beste ekosistema bat sortzea.

Ekosistema bat gure bizitzaren une desberdinetan bisitatzen badugu, aldatu egiten dela ikusiko dugu. Horrela, udaberrian pagadi batera joaten bagara, eta gero udazkenean, asko aldatu dela ikusiko dugu. Pagadi horrek berak sute bat jasaten badu ere, itxura aldatuko da. Guzti hori epe labur batean gertatuko da: epe laburrerako aldaketa bat da hau.

Aldaketak epe laburrera


Erritmo-aldaketak


Ekosistema baten partaide diren izaki bizidunek bizitza agertu aurretik existitzen ziren jatorri astronomikoa duten fenomenoei erantzuten diete.

• Egunaren eta gauaren alternantzia (erritmo zirkadianoa). Ekosistema guztietan eragiten duen erritmoa da, koba-zuloetan eta argirik iristen ez den itsas hondoetan izan ezik. Elikadura katean fotosintesia egiten duten ekoizleek egunez egiten dute gauez baino lan gehiago, eguzkiaren argia behar baitute. Arrazoi berarengatik, alga mikroskopikoak gainazaletik gertuago egoten dira egunez gauez baino. Horri migrazio bertikala esaten zaio.
Kontsumitzaileen artean, egunekoak eta gauekoak daude. Egunekoek hobeto ikusten dute egunez, eta gauekoek hobeto ikusten dute gauez. Bakoitza bere aktibitate-aldian elikatzen da.

• Urtaroen alternantzia (urtaro-erritmoa). Ekosistema guztietan eragiten duen erritmoa da, baina eragin hori nabarmenagoa da zenbat eta urrunago egon Ekuatoretik.
Elikadura-katean fotosintesia egiten duten ekoizleak urtaroei jarraituz ugaltzen dira: eguneko argi-kopuru bat dagoenean loratzen dira.
Elikadura-kateko kontsumitzaile gehienek urteroko ugalketa-erritmoa dute, kumeek beren garapenerako ingurumen-baldintza egokienez goza dezaten.
Kontsumitzaileen migrazioek urtaro-erritmoa jarraituz egiten dute: umaldirako gunetik negua igarotzeko gunera lekualdatzen dira, hala, unean-unean elikagai gehiago dagoen gunera joaten dira.

Aldaketa arritmikoak: fluktuazioak


Batzuetan, ekosistema bateko izaki bizidunak azalpen nabarmenik gabe aldatzen dira, edo inguruneko aldaketei -hauek ere azaldu ezinak- erantzuten diete (nahiz eta Eguzkiaren jarduerarekin lotu nahi izan diren).

El niño


Niño eta Niña atmosferako fenomenoak dira. Hauentzat ez da oraindik azalpenik aurkitu, baina jakina da Perun, Ozeano Barearen aldean, ekosistemaren fluktuazioak eragiten dituztela. Peruko kostaldeetan gertatzen diren fenomenoek Australiako Kostaldeetan alderantzizko eragina sortzen dute.

Niño fenomenoak bi hilabetetik lau hilabetera irauten du, eta luzeagoa den Niñarenarekin tartekatzen da.

Niña fenomenoak irauten duen bitartean, aire korronteek eta itsas korronteek kostaldeetan lehorteak eragiten dituzte, eta horren ondorioz, itsas hondoko urek gorantz egiten dute. Ur horiek aberatsagoak dira elikagaietan; beraz, ekosistemaren espezie batzuek onura jasotzen dute.

Niño fenomenoak irauten duen bitartean, aire korronteek euriteak eragiten dituzte, eta horren ondorioz, itsas hondoko urek eta bertako elikagaiek ezin dute gora egin. Horrela, ekosistemako hainbat espeziek kalteak jasaten dituzte.

Epe luzerako aldaketak: segida ekologikoa


Ekosistema bat dagoen lekuan pixkanaka beste bat sortzea, harik eta egoera egonkor edo klimaxera heldu arte; hori da segida ekologikoa.
Ordezkatze hori gertatzen den bitartean, biodibertsitatea handitu egiten da pixkanaka. Gainera, ekosistemako izaki bizidunen guztizko kopurua egonkortu egiten da pixkanaka eta materia birziklatzearen eraginkortasuna handitu egiten da. Honela, klimaxean ekosistemaren baliabideen probetxu ezin hobea gertatzen da.

Jatorrizko ekosisteman izaki bizidunik ez dagoenean, espezie kolonizatzaile edo aitzindarien inbasioa gertatzen da segida primarioa izeneko prozesu baten bitartez.

Jatorrizko ekosisteman izaki bizidunak daudenean, hondamen bat gertatzen da eta espezie gehienak desagertu egiten dira, segida sekundarioa izeneko prozesu baten bitartez.

seguidaekologikos.png